XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) originala maila batean gogoratzeko, bira halaber, liskatsua da energia xahutzen duelako eta memoria azkar galtzen duelako.

Polimero solido baten jokaera ere liskaelastikoa da; lasaikuntza-epea likidoaren kasuan baino altuagoa bada ere, denboraren iraganarekin fluxu motela edo creep delakoa agertzen da, ez guztiz solido ez likido den egoera erakutsiz.

Batzuetan jokaera hori ikusteko ikerlariak pazientzia apur bat beharko du izan (ordu batzuk, egun batzuk, hilabete pare bat..) baina ars longa, vitae brevis izanik ere, polimeroen liskaelastikotasuna behintzat ondo atzeman daiteke.

Baina, jokaera liskaelastikoa ez da polimeroetan bakarrik azaltzen.

Adibidez, esnearen gainak, odol gatzatuak, jogurtak, mamiak; irin-oreak, ahiak, gelatinak eta beste hainbat eta hainbat produktuk liskaelastikotasun nabarmena darakusate.

Liskaelastikotasunak, beraz, Erreologiaren alor handi bat betetzen du, baina ez eremu osoa.

Badaude likido guztiz liskatsuak; hots, liskaelastikotzat ezin kontsidera daitezkeenak, baina newtondarrak ere ez direnak.

Likido hauei likido ez-newtondar esaten zaie eta pseudoplastikoak edo dilatanteak izan daitezke.

1.2 irudian ikus dezakegunez, kasu hauetan liskatasunak ( eta -ren arteko erlazioa) ez du konstante irauten, likido newtondarretan bezala.

Pseudoplastikoen kasuan liskatasuna gutxituz doa deformazio-abiadura handitzen den neurrian, dilatanteetan alderantzizkoa gertatzen delarik.

Polimero urtu eta disolbatu gehienak, liskaelastikoak izateaz gainera, pseudoplastikoak dira.

Jokaera dilatantea nahikoa bitxia da, baina zenbait plastisoletan ager daiteke.

Odola, tomate-saltsa, platanopureak eta anitz zopa eta saltsa pseudoplastikoak dira.

Binghamen jokaera plastikoa ere aipagarria da.

Jokaera hau 1.2 irudian agertzen dugu.

Dakusagunez, tentsio kritikoa lortu arte deformazio-abiadura zero da, jokaera solido batena dela adieraziz.

Baina behin tentsio hori gaindituz, jokaera, likido newtondorrena edo likido ez-newtondarrena izan daiteke.

Pintura plastikoak eta zenbait plastisolek jokaera hau aurkeztu behar dute benetan erabilgarriak izan daitezen.

Izan ere, isipuaren bidez tentsio kritikoa gainditzen dugu eta pintura paretan igurtzi dezakegu (mozte-fluxua lortuz), baina isipuaren indarrik gabe, grabitatearen eragina ez da nahikoa pintura behera erortzeko, tentsio kritikoa baino txikiagoa bada behintzat.

Binghamen jokaera plastikoa, lohi-esekiduretan, patata-purean, gurinean eta beste produktu askotan ere ikus daiteke.

Hauek dira Erreologiak aztertzeko proposatzen dizkigun zenbait jokaera.

Jokaera berezi hauetan sakontzeko; saiakuntza bereziak egin behar, baina hauetan parte hartuko duten aldagaiak, beti ere honako hauek izango dira: tentsioa, deformazioa (edo deformazio-abiadura) eta denbora.